Birpolitizazioa eta Gizakundea hitzaldia. Marina Grzinic-ek
Arte proposamenak gaur, hemen eta han izenburuko jardunaldien
barnean 2003ko azaroaren 5ean Koldo Mitxelena Kulturunean
egina. Laburpena.
Marina Grzinic-ek Ljubljanan egiten du lan, ikerlari
gisa, Zientzia eta Arte Akademia Esloveniarraren Zientzi
eta Ikerkuntzarako ZRC SAZU Zentroaren Filosofia Institutuan.
Irakaslea da Vienako Arte Ederren Akademian. Grzinicek
freelance gisa ere egiten du lan hedabideen teorialari,
arte-kritikari eta museo-kontserbatzaile gisa. Bideo
artistikoen produkzioan murgilduta dago, 1982az geroztik.
Aina Smid-ekiko elkarlanean, 40 bideofilm eta CD-Rom
eta Interneteko hainbat toki produzitzera iritsi ziren.
Grzinicek 8 liburu argitaratu ditu. 1997-1998 ikasturtean,
Tokioko zientzi aurrerapenerako Elkarte Japoniarraren
Doktorego Osteko Ikerkuntzarako Beka eskuratu zuen.
Grzinicek New Yorkeko “Apex Art Residency Program”en
parte hartu zuen, 2001ean.
Marina Grzinicek, hitzaldiaren hasieran, aipatu zuen
artearen eta kulturaren funtzionamendua, inolako zalantzarik
gabe, aldatu egin dela. Beraz, haren iritziz, dagoeneko
ezin dugu eremu horiei buruzko gogoetarik egin, esate
baterako identitatea bezalako irizpideen ildotik joz.
Tesi hau argitze aldera, Marina Grzinicek bere buruaren
adibidea jarri zuen: “ni Ljubljanatik nator, Esloveniatik,
toki jakin batetik. Baina ni ez nintzen Eslovenian jaio,
beraz nire identitatea ez da esloveniarra erabat”.
Marina Grzinicen iritziz, hauek etengabe aldatzen diren
kontuak dira, identitate definitua duten artista batzuek
emigratzea erabakitzen dute eta, beraz, bere identitatea
eraldatu egiten da. Orain artean uste izan dugu hiri
bateko hiritarrak, bertakoak, zirela tokian tokiko artea
eta kultura interpretatzeko irizpideak zeuzkatenak.
Gaur egun kontu hauek etengabe aldatzen dira, hark azaldu
moduan.
Bere azalpenean zehar, artean eta, oro har, kulturan
gertatzen ari denari buruz hausnartu beharraren alde
egin zuen. Horretarako 5 proiektu erakutsi zituen, bere
iritziz argi egin baitezakete hainbat konturen inguruan;
hona hemen kontuok: artean eta kulturan nori onartzen
zaio hitz egitea?, edota, nor dira munduko hiritar,
eta nor ez? nork du identitaterik?
Erakutsi zuen lehen proiektua Tania Ostojic-ena izan
zen; artista gazte honek Belgraden egin du lan duela
gutxi arte, eta orain Alemanian ari da. Tania Ostojicek
2001eko Veneziako Bienalerako egindako obra, Lauki beltza
lauki zuriaren gainean izenekoa, erakutsi nahi izan
zuen Marina Grzinicek. Tania batez ere performancearen
esparrua lantzen duen artista bat da, eta arte-instituzio
deitzen diogun horren funtzionamendua erakusten saiatzen
da. Veneziako 2001eko Bienalean zehar, Tania Ostojicek
eskari bat egin zion bertako komisarioari, berarekin
batera agertzen uztea alegia, egin behar zituen jendaurreko
agerraldi guztietan. “Haren aingeru edo eskolta
izan nahi zuen, gorputz mutu eder baten antzera aritu,
beraren aldamenean mugitzen zelarik”, esan zuen
Marina Grzinicek. Baina “gorputz mutu eder bat”
izateaz gain, ideia bera landuz egin zuen Lauki beltza
lauki zuriaren gainean obra. Bere pubiseko ilea moztu
eta postal formatua baliatuz milaka pertsonari bidali
zion. “Taniak ageri-agerian jarri nahi zuen Berlingo
harresia erori ostean prostituzioan aritu beharra zuten
milaka eta milaka emakumek bizi zuten egoera. Taniak
atentzioa eman eta arte-instituzioan murgildu ahal izateko
zeukan modutzat ikusi zuen jende askok interbentzio
hori, baina nire ustez hori irakurketa sinpleegia da”,
esan zuen Marina Grzinicek. Azaldu zuenaren arabera,
Taniak kontu bat azpimarratu nahi zuen, merezi ote zuen
alegia “prostituitzea” arte-instituzioan
toki bat lortzeko, eta horretarako bere gorputzaz baliatu
zen, eta Europa ekialdeko emakume emigrante horien irudiaz.
Bigarren proiektua Eclipse kolektiboaren “Blood
is sweeter than honey” izan zen; kolektibo hau
Ljubljanako bikote bat da, eta proiektu honetan gorputza
merkantzia bihurtzearen gaia lantzen du. “Nire
ustez, obra honetako gai nagusiak honakoak dira: nork
du historia?, nor da historiaren jabe? eta, nor ez?”,
esan zuen Marina Grzinicek. Bikote honen lanek beti-beti
harreman zuzena dute Errenazimenduko estetikarekin,
baina horrexen interpretazio pop edo kitschak egiten
dituzte. Obra honetan emakume baten gorputz biluzia
erakusten dute, baina gorputz horren hainbat zati zenbakituta
daude. “Artearen munduan badira gorputz zati batzuen
jabe diren izenak, horregatik emakumearen gorputza zenbakiz
ageri da”, azaldu zuen Marina Grzinicek. Jeff
Koons, David Cronemberg, Madonna, Helmut Newton edo
Pedro Almodovar, Eclipseren iritziz, artearen zati espezifiko
batzuen jabe dira.
Hirugarren proiektua “Be my guest” izan
zen, Tania Ostojicek 2002an eginiko beste lan bat. Artistak
galeria italiar baten gonbidapena jaso zuen, obra bat
egiteko. Galerian bertan jatetxe-jacuzzi bat muntatzeko
eskatu zuen Taniak. Marina Grzinicen ustez, “gaur
egun begi-bistakoa da komisarioek botere handia dutela,
hain handia ezen faktore erabakigarriak baitira obran.
Artea saltzea hain garrantzitsua izanik, hori lortzearren
edozein gauza egiteko prest gaude”. Tania Ostojicek
obra honetan puta sozialtzat funtzionatzea erabaki zuen,
arte-sistema kritikatu nahi izan zuen, eta galeriaren
barnean egitea lortu zuen. Arteaz hitz egin nahi zuen,
eta bere gorputza obra baten antzera erakutsi nahi zuen,
azaldu zuen Marina Grzinicek. “Mahai gainean jarri
nahi izan zuen kontu behinena honakoa izan zen: egiaz
merezi ote du gure arima saltzea, sisteman sartu ahal
izateko?”
Walid Raad-en lan bat ere erakutsi zuen. Artista libanoar
honek Estatu Batuetan egiten du lan, eta bere “Baharren
zintak” obrak fikzioaren eta dokumentalaren arteko
mugak jartzen ditu zalantzan. Elementuok elkarrekin
nola erlazionatzen diren ikertzen saiatzen da, eta errealitatea
fikzio bihurtzeko bidean mass-mediek eduki duten eragina
argitzen halaber. Kontu hauez gain protagonistaren aukeraketa,
bost amerikarrekin batera kartzelan 10 urtez gatibu
egondako libanoar bat baita, horrelako zertzeladetan
musulman bati hitz egiten entzuteko aukera apurretako
bat da, Marina Grzinicen iritziz. “Honek aditzera
ematen digu zein zaila den munduaren zati handi batentzat
ikusgarri izatea, bere historia kontatu ahal izatea.
Ikusgarritasunaren kontua oinarrizkoa da TESTER-en,
eta proiektu hau oso adibide ona iruditzen zait.”
Azkenean Marina Grzinicek, berau ere artista baita,
“Ekialdeko Etxea” erakutsi zuen, berak eginiko
proiektua, lehen mundu kapitalistak ekialdeko Europa
ostrazismora nola kondenatu duen eta Europa hori globalizazioan
sartzen nola ahalegintzen den erakusteko ahaleginean.
|