PROIEKTUAK
TESTER LIBURUA
TESTER MEETING
MEETING LABURPENAK
Rodriguez Fundazioa
Marina Griznic
Oliver Ressler
Hito Steyerl
José Carlos Mariategui
Marcus Neustetter
TESTER MEETING · INTRO
AZAROA 5
19:00 >> Rodriguez Fundazioa
20:00 >> Marina Griznic
AZAROA 6
19:00 >> Oliver Ressler
20:00 >> Hito Steyerl
AZAROA 7
19:00 >> José Carlos Mariategui
20:00 >> Marcus Neustetter
ARTE PROPOSAMENAK GAUR, HEMEN ETA HAN


TESTER proiektuaren jendaurreko aurkezpena. Rodriguez Fundazioko partaideek Arte proposamenak gaur, hemen eta han izenburuko jardunaldien barnean 2003ko azaroaren 5ean Koldo Mitxelena Kulturunean egina. Laburpena.


Rodríguez Fundazioak jendaurrean aurkeztu zuen TESTER, bere azkeneko proiektua, eta arte-produkzioa ikusten duen modua ulertu ahal izateko hainbat giltza eskaini zituen.

Rodríguez Fundazioa 1994az geroztik ari da kolektibo gisa lanean. SEAC-en partaide izan zen 1999 arte, hau da, SEAC bera desagertu zen arte. Harrezkero hainbat proiektu antolatu eta koordinatu ditu, batez ere kultura garaikideari eta hedabide berriei loturik, bere jarduerak eginkizun artistikoaren hedapen gisa ulerturik betiere. Rodríguez Fundazioa ikus-entzunezkoen esparruan ari da lanean, multimedia euskarriak erabiliz eta era guztietako sortze-proposamenak jorratuz, baina ez du bazterrean uzten komisario eginkizunetarako formula berriak eta egungo eginbide artistikoaren produkzio, zabalkunde eta banaketa modu berriak planteatzen dituen hausnarketa teorikoa.

Fito Rodríguezek, Fundazioaren kidea bera, Rodríguez Fundazioak oinarritzat dituen lanerako klabeei buruzko hausnarketa aipatuz abiatu zuen bere solasaldia. Fitoren iritziz, bere lanean gehiago dira produktore edo dinamizatzaile, komisario huts baino. Bere helburua arte-bitartekaritzarako prozesu hauek birplanteatzea eta berrikustea da, arte garaikidearen produkzioa nolabait irauli eta inguruan duen gizarte-eremuarekiko kontsekuentea izatearren. “Inguratzen duen gizartean arte-produkzioa nola txertatzen den ikusi nahi dugu, eta artearen eta artistaren egungo munduko zertzeladen inguruan ikertu”, adierazi zuen. Fundazioak aurrera eraman dituen proiektuak lankidetza eta deszentralizazio irizpideetan oinarritu dira, zeren eta, azaldutakoaren arabera, ez baitaude arte-instituzioan jarraitzen diren eskemekin ados. Fundazioaren iritziz, produkzio eta zabalkunde prozesuak zeharo eta estu loturik daude, eta horregatik fase guztiak betetzea funtsezkoa da artearen prozesua behar bezala interpretatu ahal izateko. Bere lan egiteko moduaren adibide gisa bi proiektu jarri zituzten: Telebistako esku-hartzeak eta Bideoskopia.

Fito Rodríguezek azaldu zuenez, Arte y Electricidad proiektua mugarri bat izan zen Rodríguez Fundazioaren ibilbidean, eta une honetan garatzen ari diren TESTER proiektuaren sorburua da. Natxo Rodríguezek agertu moduan, proiektu hau, bere sorburuan, teknologia berriak tailer formatu batean lantzeko Artelekuk egin proposamen bat izan zen. “Guk formatu hura birmoldatzea proposatu genuen, deszentralizatzea. Helburua teknologia berriei buruz hitz egitea izaki, zergatik ez haietaz baliatu eginkizun horretarako? Logikoago iruditu zitzaigun eskura genituen baliabideak sor zitezkeen proiektuak produzitu eta zabaltzera bideratzea, gu halako toki jakin batean biltzea lortzera bideratzea baino”, azaldu zuen.

Arte y Electricidad proiektuak hainbat zabalkunde-bide izan zituen: web orrialde bat, bideo-programa bat, CD-R bikoitz bat eta jendaurreko aurkezpen batzuk. Fundazioaren iritziz, oso garrantzitsua izan zen proiektuak izan zuen oihartzuna, deszentralizazioak funtzionatu zuen; alderdi hau izugarri interesatzen zitzaien. “CD-R-ren zabalkundea tendentzia-aldizkari baten bidez egin zen, eta horrek aukera eman zigun arte-munduaren zati ez den jende multzo batengana iristeko, normalean ihes egiten digun jendearengana heltzeko. Eta horixe zen lortu nahi genuen beste helburuetako bat, eta lortu genuela uste dut”, esan zuen Fito Rodríguezek.

Arte y Electricidad-i buruzko azalpen labur baten ostean, Fito Rodríguezek 2003 eta 2004an zehar garatu behar duten proiektua, TESTER alegia, azaltzeari ekin zion. Rodríguez Fundazioaren asmoa, aurreko proiektuan funtzionatu zuena praktikara eramatea eta nahi zuten emaitza eragin ez zuten alderdiak garatzea da. Arte y Electricidad horretan partaideak biltzeko erabili zuten modua berreskuratu nahi izan dute. Orduan deialdi misto bat egin zuten: partaideetako batzuk gonbidatuak ziren, eta beste batzuk egindako deialdi publikoaren bidez iritsi ziren proiektura. Rodríguez Fundazioak Jose Carlos Mariátegui eta Marina Grzinic gonbidatu ditu TESTER-en nodo gisa parte hartzeko, eta horiexek izan dira sareko beste kideak, hots, Ljubljana, Viena, Johannesburg, Lima, Gasteiz eta Berlinen kokatutako beste nodoak aukeratzeko arduradunak. “Erantzukizunak talde batekin partekatzen ditugu. Ez dugu komisario izan nahi, nodoak dira transmisoreak, behatzaileak, hainbat eskalatan. Nodoak dira sarearen sostengu nagusia. Bere jarduera kreaziozkoa da batik bat, jendea lanean jartzeko arduradunak dira. Artistak elkarrekiko harremanetan jartzea eta beraiekin norabide jakin batean lan egitea, horixe eginkizuna”, azaldu zuten. Kontua baita mundu desberdinak erlazionatzea, pertsona desberdinak lotzea, eta harremanerako aukera bat eskaintzea.

Arte-instituzioan oso errekonozimendu kaxkarra, edo hutsaren hurrengoa, duten arte-jardueraren zonak ezagutzea; eta hori, Fundazioaren iritziz, nodoek ahalbidetu zuten. Sei nodo ari dira lanean Arte y Electricidad-en funtzionatu zuten ideiak, hala nola do it yourself praktikak, home-tech eta urruneko lana, erabiliz. TESTER-en garapenean zehar sareko lana eta presentzia bidezkoa konbinatuko dira.

TESTER-en eztabaida eta garapenerako lanabesa www.e-tester.net orrialdea izango da. “Arte y Electricidad-ek bere erakusleiho nagusia web orrialdean eduki zuen. Oraingoan web orrialdea lanaren aurretikoa izan da. Guk uste baino askoz lanabes erabilgarriagoa dela ikasi dugu. e-tester.net ez da, ezta izango ere, orrialde estatiko bat, ez dugu gordailu huts bihurtu nahi”, baieztatu zuen Fito Rodríguezek. Azaldu zutenaren arabera, lanabes honen xedea teorizazio, eztabaida eta hausnarketa espazio bat izatea da. Proiektuko kideek bere ideiak eztabaidatu eta ekarpenak egin ahal izango dituzten espazioa.

Nodoek egindako proposamenen jendaurreko aurkezpenak direla eta, goizetan lan-bilerak egiten ari dira Artelekun. Nodoen arteko hartu-emanak sendotzeko modua dira, eta baita elkar aurrez aurre ikusteko ere, orain artean nodoetako batzuek ez baitute elkar ezagutzeko aukerarik izan. “Orain artean proiektu osoa airea zen. Jendaurreko aurkezpenek ikusgarritasuna ematen diote TESTER-i. Errealitatea haztatzeko eta gure lana neurtzeko aukera eskaintzen digute”, baieztatu zuen Natxo Rodríguezek. Gainera, TESTER-en barnean tokia izango duten lan motak kontsensuz zehaztu nahi dituzte.



[Arteleku] [Rodriguez Fundazioa] [Eusko Jaularitza] [American Foundation Center] [Casa Asia]