Disobbedietti proiektuaren jendaurreko aurkezpena. Oliver
Ressler-ek Arte proposamenak gaur, hemen eta han izenburuko
jardunaldien barnean 2003ko azaroaren 6an Koldo Mitxelena
Kulturunean egina. Laburpena..
Oliver Ressler-ek bere lanagatik eta bere lanerako
moduagatik hartzen du parte TESTER-en, Fito Rodriguezek
dioenez. Vienan bizi eta lan egiten du, eta bere lanetan
gai sozio-politikoak jorratzen ditu. 1994az geroztik
erakusketak, proiektu espezifikoetarako guneak eta bideoak
egiten espezialdu da, gaiak betiere arrazakeria, ekonomiaren
globalizazioa, garapen eramangarria, injinerutza genetikoa
eta erresistentzia moduak direla. Bideo horietako bat
“What democracy looks like” izenekoa da,
eta dagoeneko erreferente bihurtu da globalizazioaren
aurkako mugimenduarentzat.
Hitzaldian zehar Oliver Resslerrek ibilbide bat eskaini
zuen, zuzenean ekonomiarekin loturik burutu dituen proiektuetan
zehar, zeren eta, bere iritziz, zeharo esfera garrantzitsua
baita gizartearen garapenean. Proiektu hauek ahalegina
egiten dute jarrera periferikoak ekonomiaren diskurtso
hegemonikoarekin lotzeko.
Erakutsi zuen lehen proiektua 1999an egindako “Five
hundred global” izan zen. Abiapuntua munduko nazioz
gaindiko bostehun konpainia handienen web orrialdeei
buruzko ikerkuntza bat izan zen. Oliver Resslerren iritziz,
konpainia hauek globalizazioaren produktu handienetako
bat dira. “Oso interesgarri iruditu zitzaidan
konpainia horiek globalizazioari buruz zeukaten iritzia
ezagutzea”, esan zuen. Egindako lana argitara
atera zuen erakusketak hiru zati zeuzkan: web orrialdeetan
jasotako esaldiak edo aipuak, enpresen urteko txostenetatik
ateratako argazkiak, eta horrelako enpresetan lan egiten
duten adituei eta sindikalistei egindako elkarrizketetako
laburpenak.
BOOM David Zorn-ekiko lankidetzatik ateratako work
in progress bat da. Oliver Resslerren hitzetan, kapitalismo
globalaren kontraesanak aztertu nahi ditu. “URL
helbideak sortu eta lehen aldiz bandera batzuen gainean
erakutsi genituen, New Yorken 2002an egindako globalizazioaren
aurkako manifestazio batean”, azaldu zuen. Ekintza
haren ondotik, proiektua erakusketa bihurtzeko gonbidapen
bat hartu zuten. Erakusketa egingo zen tokiei buruzko
hainbat ikerlan egin zuten, erakusketa pertsonalizatu
eta tokian tokiko arazo eta kontuak jorratzeko.
Oihartzunik handiena izan duen obra, beharbada, “What
democracy looks like” izango zen. Bideo honek
Salzburgen 2002an globalizazioaren aurka izandako lehen
manifestazioa du oinarritzat. Epe horretan zehar oso
eztabaida bizia izan zen, mass-mediek eragindakoa, manifestazio
hori egiten utzi behar ote zuten ala ez. Kontuan izan
behar da ekintza horren aurretik hainbat istilu izan
zirela Goteborgen, egun batzuk lehenago. Azkenean, bakarrik
bi diskurtso egiteko baimena eman zuten agintariek,
eta manifestariak sakabanaturik ibili ziren hirian zehar.
Lehenbiziko bi orduetan zehar ez zen ezer gertatu, baina
geroago poliziaren hainbat dotaziok manifestariak inguratu
zituzten hiriko kale nagusietako batean. Poliziak manifestariak
atxiki zituen orduetan zehar sortutako tentsio handiko
egoera filmatu zuen Oliver Resslerrek. “What democracy
looks like” obrak Salzburgen grabatutako irudiak
eta manifestariei egindako hainbat elkarrizketa ditu
oinarri. Gainera, antzeko egoerak erakusten dituzten
grabazio zaharrago batzuetatik hartutako irudi batzuez
osatzen da.
Proiektu hau Dario Arzelini-rekiko lankidetzan burutu
“Dissobedienti”ren aurrekaria izan zen.
Bideo honek Dissobedienti-en sorburuak, oinarri politikoak
eta ekintza zuzenerako formak jorratzen ditu. Horretarako,
mugimenduko kide batzuekin izandako zazpi solasalditan
oinarritu zen Oliver Ressler. Dissobedienti-ak 2001eko
uztailean Genoan G-8ak eginiko goi-bileraren aurkako
erakustaldietan parte hartu zuen Tute Bianche taldetik
sortu ziren. Goi-bilera horretan zehar, Tute Bianche-ek
ordura arteko ezaugarritzat zeukaten jantzi zuria bazterrean
utzi eta Genoan bildutako globalizazioaren aurkako 300.000
ekintzaileek osatu jendetzarekin bat egitea erabaki
zuten. Tute Bianche-etatik Dissobedienti-etarako iragaitzak
markatu zuen, halaber, “desobedientzia zibiletik”
“gizarte desobedientziarako” bilakaera,
Oliver Resslerren iritziz.
Azkenik, Oliver Resslerrek European Correction Corporation
proiektua azaldu zuen, Grasz-eko auzo bateko interbentziorako
gonbidapen baten emaitza baita. Zein gai jorratuko zuten
erabakitzeko ikerlana abiatzean, konturatu ziren auzo
hartantxe dagoela Austria osoko kartzelarik handienetako
bat, bigarrena neurriei erreparatuz gero. “Hori
kontuan hartuta obra bat egitea erabaki genuen, baina
hiriko denda-etorbide handienetako batera eraman genuen”,
azaldu zuen Resslerrek. Garrantzitsu iritzi zioten kartzela
kontrol eta globalizaziorako lanabestzat tratatzeari,
ekonomiaren zutabe garrantzitsutzat halaber. Edukiontzi
bat kokatu zuten kale erdian, kartzelaren pribatizazioa
iragarriz, eta edukiko zuen diseinu berria aurkeztu
zuten. “Hiritar guztiei aditzera ematen genien
kartzelaren kontrola eskuratuko zuen enpresa pribatuak
presoen lanetik diru-irabaziak ateratzeko asmoa zuela,
aspaldidanik besteak beste Estatu Batuetan eta Erresuma
Batuan egiten ari den moduan alegia”, esan zuen
Oliver Resslerrek. Edukiontzia zabalik zegoen eta, barnean,
obraren osagarri gisa, kartzela ingelesetan hainbat
urtez preso egon ostean kartzela-sistemaren aurkako
borrokalari aktiboenetako bat den pertsona bati eginiko
elkarrizketa proiektatzen zuten, “kartzelako langileen
ordezkaria bertan gorpuztuko balitz bezala”.
|