PROIEKTUAK
TESTER LIBURUA
TESTER MEETING
MEETING LABURPENAK
Rodriguez Fundazioa
Marina Griznic
Oliver Ressler
Hito Steyerl
José Carlos Mariategui
Marcus Neustetter
TESTER MEETING · INTRO
AZAROA 5
19:00 >> Rodriguez Fundazioa
20:00 >> Marina Griznic
AZAROA 6
19:00 >> Oliver Ressler
20:00 >> Hito Steyerl
AZAROA 7
19:00 >> José Carlos Mariategui
20:00 >> Marcus Neustetter
ARTE PROPOSAMENAK GAUR, HEMEN ETA HAN


Sormen lokala/Artikulazio globala hitzaldia. José Carlos Mariáteguik Arte proposamenak gaur, hemen eta han izenburuko jardunaldien barnean 2003ko azaroaren 7an Koldo Mitxelena Kulturunean egina. Laburpena.

   

José Carlos Mariátegui zientzialaria eta masa-hedabideen inguruko teorialaria da. Arte, zientzia eta teknologia arloan garapen eta ikerkuntzan ari den Alta Tecnología Andina (ATA ) izeneko GKEren presidentea. ATA erreferentzia bat da Latinoamerikako ikus-entzunezkoen panoraman, artea eta teknologia elkarrekin lotzea lortu nahi duten guztientzat. Frantziako CICV-en egoiliarra. Cayetano Heredia Unibertsitatearen Filosofia eta Pentsamendu Zientifikoa programaren kidea. 1998az geroztik Peruko Limako Bideo/Arte/Elektronikaren Nazioarteko Jaialdiaren koordinatzaile nagusia. Errealitate birtual, elkarrekintza, konputazio eta bizitza artifizialaren inguruko hainbat komiteren kidea.

Aurkezpen hau ahalegin bat izan zen, globala eta lokala artikulatzeko saiakeratik sortzen den toki hibrido hori aztertzeko, eta panorama ezegonkor horrek sortarazten dituen identitate berriak ikusteko. Lokalaren eta globalaren artean kokatutako eremu hibrido honetatik sortzen diren tarteko proposamen horien artikulazioa, Mariáteguiren iritziz, funtsezko balio bat da egungo sortze edo kreazio lanean.

José Carlos Mariáteguik, bere interbentzioaren hasieran, azaldu zuen Latinoamerika oso lurralde zabala dela eta komunikaziorako izugarrizko zailtasunak dituela, bai maila geografikoan bai kultur mailan. “Oso komunikazio gutxi dago herrialdetzat artikulatzen dugun sisteman, eta hori zuzen-zuzenean islatzen da giza eskubideetan. Ez gara gure herrialdean gertatzen dena ulertzera iristen”, esan zuen. Bortizkeria toki orotan dagoen eta gizartea blaitzen duen arazo bat da. Peruko kasuan, azken hogei urteotan 20.000 pertsona erail dituzte. José Carlos Mariáteguiren iritziz, herrialdean dauden desberdintasun etnikoen erakusgarria besterik ez da bortizkeria. Osterantzean, adierazi zuen Latinoamerikan ez dagoela ‘nazio’ kontzepturik, “galdu dugun kontzeptu bat da”, eman zuen aditzera. Mariáteguiren hitzetan, espazio askok nor bere herrialdean bertan atzerritarra den sentsazioa sortarazten dute.

Latinoamerikako metropoliek mendebaldekoak imitatzen dituzte, “neurri batean bestea izatearen ametsa da”, José Carlos Mariáteguiren ustez. Ez dago alde handirik hiri mendebaldarren eta metropoli latinoamerikar handien artean, hauen inguruan pobrezia-eremu ikaragarriak badaude ere. Periferian, berriz, probintzietan alegia, etengabe sortzen da kreaziorako elkarrekintza.

José Carlos Mariáteguik erlazio hauek birplanteatu beharra defendatu zuen, periferia periferiarekin artikulatu beharra. Haren iritziz, eginkizun honetan off-line sistemen aplikazioa funtsezkoa da, zeren eta teknologia berriak ez baitira espazio hauetara iristen. Era berean, mahai gainean jarri zuen kreaziorako aukerak eta modu desberdinak masifikatu beharra, halaz artearen nazioarteko eszenan jarraitu ahal izatearren. Haren iritziz globalizazioak, informaziorako aukera masiboak, informazio horretaz baliatzeko balio behar du, mendebaldea imitatzeke. “Gure beharretara egokitu behar dugu. Dagoeneko planteatuta dagoena birsortu, baina beste lengoaia batzuk erabiliz”, esan zuen.

Aurkezpenean zehar, Latinoamerikan ikusizko artistak teknologia berriei ematen ari zaizkien erabilera erregionalaren eta lokalaren hiru adibide erakutsi zituen. Hiru lan-ildo dira, kontzeptu global batzuen aplikazio lokalak erakusten dituztenak.

Lehen adibidea Alvaro Zavala errealizadore perutarraren Atipanakuy obra izan zen. Obraren figura nagusia dantzari guraizeduna da, Peruko irudi artistiko marjinal bat bera. Identitate faltaren ordezkarietako bat da, herrialdearen barnean hain zabalduta dagoen atzerritar sentimenduarena. Zavala, bere obran, fenomeno horrekiko kritiko ageri da. Atipanakuy-n ikusten dugu nola dantzari guraizeduna meatze eszenatoki batetik ateratzen den, gizon bihurtzeko. José Carlos Mariáteguik azaldu zuenez irudi honen erreferentzia egiteaz batera, Perun kultura tradizionalaren susperraldi bat bizi izaten ari dira. Folklorea birsortzen eta bere artearen aldeko lehian ari da. “Hala eta guztiz ere, esan dezakegu dantzari guraizeduna ez dela purista. Ikono globalen eta elementu propioen nahasketa bat da. Hip-hopeko pausoak bere dantzarekin eta elementu kolonialekin nahasten ditu. Beste kultura batzuez aberasten da, bereari eutsiz ordea”, azaldu zuen.

Bigarren adibidea, José Carlos Mariáteguiren arabera, nazioz gaindiko mugimenduaren adibide bat da. Mugimendu honek globalaren aurkako ezaugarriak ditu; lengoaiaz eta mass-mediek irudiari ematen dioten erabilpenaz jabetzen da, eta maila lokalera egokitzen du. Batik bat telebista bidez iristen zaigun informazioa itzultzen dute, eta aldatzen saiatzen dira, beste ikuspegi bat ematearren. Ikusizko iragazkiek, musikaren erabilerak edota beltzerako iraungipenek hasierako mezua eraldatzeko balio dute. Ideia hauen argigarri gisa, bi lan eman zituen: Vacas, Gabriela Golder errealizadore argentinarrarena, eta Angie Bonino-ren La Imagen.

Hirugarren adibidea José Carlos Mariáteguik periferizazio mugimendutzat definitu zuena da, hots, estrategia globalak erabiltzea erdigune erlatiboan egoten ahalegintzeko. Kontua baita arte finkatua kritikatzea, kode mendebaldarrak baliatuz horretarako. Ivan Esquivel eta Diego Larreak eginiko bi lan erakutsi zituen, ildo honen baitan kokatzeko modukoak baitira. Ivan Esquivelek, bere lanean, bideoari egiten dio kritika, modan dagoen baliabidetzat, eta artistak arte-sisteman duen partaidetzari ere bai. Diego Larreak, ostean, aurrez lotzen zaila dela dirudien bi elementu lotzen ditu, arte bienalak batetik eta Francis Ford Coppolaren “Aitapontekoa” filmeko hainbat sekuentzia bestetik.



[Arteleku] [Rodriguez Fundazioa] [Eusko Jaularitza] [American Foundation Center] [Casa Asia]