Berkonektatzeko kultur sistemak hitzaldia. Marcus Neustetter-ek
Arte proposamenak gaur, hemen eta han izenburuko jardunaldien
barnean 2003ko azaroaren 7an Koldo Mitxelena Kulturunean
egina. Laburpena.
Bere testuinguru hegoafrikarraren eraginpean, eta artearen
eta teknologiaren arteko harremanek pizten dioten interesaren
indarrez, Marcus Neustetter-ek ikerlan sorta bati ekin
dio, artearen, negozioen eta teknologiaren artean egon
daitekeen erlazio lokalaren inguruan. Artista gisa,
bere lana hedabideetako goi eta behe teknologia erlazionatzera
bideratu du. Kultur sustatzaile gisa Sanman (Hego Afrikako
Komunikazio Arte Berrien Sarea) fundatu zuen 2000ko
urtean. Hezkuntza-aholkulari ere izan da hainbat instituzio
eta argitalpen artistiko eta digitaletan, bai maila
lokalean bai nazioartekoan, eta baita “LEA”
kultur plataforman eta UNESCOren arte digitalen liburutegi
birtualean ere.
Marcus Neustetterrek, bere hitzaldiaren hasieran, sarrera
labur bat egin zuen bizi den testuinguru geografikoari
eta laneko sare formal eta informalei buruz. Hegoafrikar
Errepublika denbora gutxian aldaketa handi asko izaten
ari den herrialde bat da, Marcus Neustetterren hitzetan.
Hiriaren espazioa izugarri eraldatu da azken urteotan
zehar. Asentamendu afrikarren berezko sistema aplikatu
da, XX. mendearen hasierako hiri mendebaldarretako koadrikula-antolaketa
baten gainean.
Honek, Marcus Neustetterren iritziz, biztanle beltzak
hiriarekiko elkarrekintzan aritzera induzituak izana
ekarri du. Apartheidak mass-medien garapenari eragin
dio, eta baita hauek nazioarteko erritmoari eutsi nahi
izan zioten moduari ere. Hasiera batean sistema lokalarenak
ziren elementu batzuk ordezko piezak dira gaur egun
hiri berriarentzat. “Honek teknologi patchwork
moduko bat eragin du. Baliabide zaharrek aplikazio berriez
funtzionatzeko ahalegina egiten dugu”, azaldu
zigun. Biztanleek teknologia berriak erabiltzen dituzte,
eskuratu egiten dituzte, eta dituzten beharretara egokitzen.
“Jendea da hiriak funtziona dezan lortzen duena”,
aipatu zuen Marcus Neustetterrek. Fenomeno honen adibide
gisa, Marcus Neustetterrek erakutsi zuen biztanleek
nola zulatzen edo hartzen dituzten telefonia finkoko
lineak, telefono publikoetan dagoen eskasiari aurre
egin ahal izateko.
The Trinity Sesssion
2000ko urtean Johannesburgeko panorama atsekabegarria
zen, arte proiektuetara bideratutako aurrekontu eta
dirulaguntzak hutsaren hurrengoak ziren, eta honen ondorio
zuzentzat, arte galeriak itxi egin zituzten. ‘Garun-
edo aditu-ihesa’, artearen munduan batik bat,
geldiezina zen. Hegoafrikar Errepublika lurralde suntsitu
batean zegoen, eta jendeak diasporan bilatu behar izan
zuen tokia. Testuinguru honetan Stephen Hobbs, Kathryn
Smith eta Marcus Neustetterrek elkarrekin lanean hastea
erabaki zuten, arte publikoko proiektu, testu kritikoen
produkzio eta erakusketen komisario lanetan, besteak
beste. The Trinity Session-en interes-eremuak hirigintzako
garapenarekin eta beronen kritikarekin, teknologiarekin
eta arte elektronikoarekin lotutakoak dira. Egin zuten
lehen proiektuetako bat erakusketa bat izan zen; honetan,
Trinity Session-en kideek ehunka pertsona eta erakunde
izen idatzi zituzten galeriako hormetan. Jendearen erantzuna
berehalakoa izan zen, eta halaz Hegoafrikar Errepublikan
bertan zein herrialdetik kanpo, diasporan, zegoen jendearekin
hasi ziren lanean, sareaz baliatuta.
Marcus Neustetterrek Trinity Session-ek garatutako
hainbat proiektu erakutsi zituen. Horietako bat Hegoafrikar
Errepublikatik kanpo bizi eta lan egiten duten artista
batzuekiko elkarlanean egindako erakusketa bat izan
zen. Artista horiei Johannesburg hiriaz zuten ikuspegia
erakusteko eskatu zieten. Produkzio lan guztia sarean
lan eginez garatu zuten.
Johannesburgeko Faraday geltokia, espazio informala
bera, kultur trukerako espazio formal bihurtzeko ahalegina
izan zen Trinity Session-ek garatutako beste lanetako
bat. “Faraday oso espazio garrantzitsua da hirian,
taxi-geltoki bat du, hauxe baita garraio-sistema nazionala,
eta hiriko biztanleak eta artistak elkarrekintzan aritzeko
espazio egokia izan zitekeela iruditu zitzaigun”,
azaldu zuen Marcus Neustetterrek. Hainbat hilabetetan
zehar negoziatu zuten angoma etniako petrikilo, eskulangile
eta pertsonekin, bertako biztanleak baitziren, espazioa
berregokitu ahal izateko. “Denok elkarrekin egin
genuen lan, espazioak leheneratzen eta egokitzen. Oso-oso
esperientzia positiboa izan zen guretzat, zeren eta
Faradayko ohiko erabiltzaileen eta artisten artean sortutako
elkarrekintza mailak altuak izan ziren benetan. Gainera,
ikonografia afrikar asko aurkitu zuten Faradayn, eta
bere lanean jaso ahal izan zuten”, esan zigun.
Sanman, The Trinity Session-en proiektuetako beste
bat, une honetan hainbat lan ari da garatzen toki zein
nazioarte mailan, new media art-en inplikatuta edo interesatuta
dauden talde eta erakundeekiko elkarlanean. Sanman-en
zati diren proiektuek hainbat forma hartzen dute, erakusketa
edo lantegietatik obra berriak sortzearren artisten
eta new media-ko adituen artean gauzatu elkarlaneraino
iristen baitira. “Une honetan bertan teknologia
mugikorrarekin ari gara lanean. Jendearen eskura jarri
nahi dugu, eta ikusi nola erabiltzen duen. Lantegietan
ari gara lanean, jendea estimulatu nahi baitugu, sortzeari
ekin diezaion. Multimedietako adituekin ere hainbat
esplorazio burutzen dugu, programa eta interfaze berriak
sortzen lagun diezaguten. Hamar urte besterik ez dira
Hegoafrikar Errepublikak teknologia horietarako sarbidea
duela, eta zeharo bilduta nago bide horretatik oso proiektu
interesgarri berriak helduko diren iritzira”,
esan zuen amaitzeko.
|