Azaroa proiektuaren jendaurreko aurkezpena. Hito Steyerl-ek
Arte proposamenak gaur, hemen eta han izenburuko jardunaldien
barnean 2003ko azaroaren 6an Koldo Mitxelena Kulturunean
egina. Laburpena.
Hito Steyerl hainbat lanen errealizadorea da, saiakera
eta dokumentalen eta kolonialismo osteko kritikaren
arloko filmografiari lotutako zinegile eta autore gisa,
bai produktore mailan bai teori mailan. Steyerlen lanak
zinearen eta arte ederren arteko interfaze batean kokatzen
dira, eta teoriaren eta praktikaren artean. Interesatzen
zaizkion gai nagusiak honakoak dira: kultur globalizazioa,
feminismoa, kultura, migrazioa eta arrazakeria maila
globalean.
Aurkezpenaren gune nagusia Azaroa proiektua izan zen;
honetan, gaztetako lagun hurko izandako Andrea Wolf-i
buruz ari zaigu, eta erdigunetik periferiaranzko emigrazioaz.
Terrorismoaz eta hainbat espazio eta subjektibotasuni
buruz ere ari zaigu. Lan honetako abiapuntua bien artean
arte martzialei buruz eginiko S-8ko film feminista bat
da. “Borroka eszenak interesatzen zitzaizkigun,
Andreak eta biok gizonezko taldeak jipoitzen genituen.
Gu armarik gabe borrokatzen ginen, bakarrik doilorrek
erabiltzen dituztelako”, esan zuen Hito Steyerlek.
Urte batzuk geroago Andrea Wolf estatuaren etsai deklaratu
zuten. “Bilatu eta harrapatzeko agindu bat zegoen,
Gudaroste Gorriaren kide zela uste baitzuten. Erakunde
horixe izan zen bere sorterrietara deportatu zain zeuden
pertsona inmigranteentzako kartzela bat lehertu zuena”,
azaldu zuen Hitok. Andrea Wolfek klandestinitatera igarotzea
erabaki zuen, eta Kurdistanera joan eta bertan PKK-ren
Emakumeen Gudarostean sartu zen. 1998ko urrian borroka
ikaragarria izan zen Iraken iparraldean, PKK-ren eta
Gudaroste turkiarraren artean. Andrea Wolf atxilotu
eta gero erail egin zuten. “Gatazka honek 30.000
pertsona akabatu ditu, bakarrik 90eko hamarkadakoak
kontatuta. Nire laguna horietako bat da”, esan
zuen Hito Steyerlek.
Hamabost urte lehenago filmatu zutena berrikusiz, Hito
Steyerlek hainbat kointzidentzia aurkitu ditu film laburrak
errepresentatzen duen fikzioaren eta errealitatearen
artean. Filmean, ordea, Hito da hiltzen dena, eta Andrea,
berriz, bere adiskidearen heriotzaren erantzukizuna
duten doilorrak hiltzen dituena. “Filma gure fantasiak
zein ziren, gure desirak nola egituratzen ziren adierazten
duen fikziozko dokumentu bat da orain”, azaldu
zuen Hito Steyerlek. Film hau, Hito Steyerlentzat, halako
erantzukizun etiko bat da Andrea Wolfen heriotzarekiko,
eta horregatik haren heriotzari buruzko ikerkuntza bati
ekin dio, angelu desberdin batetik abiatuta. Hitoren
hitzetan, Super 8an jasotako irudietatik bere adiskidearen
figuraren inguruan ordenagailuz sortzen ari diren irudietara
nola igaro da kontu nagusia.
Gaurko irudi hauen adibide gisa, Hito Steyerlek poster
bat erakutsi zuen, Andrea Wolfen heriotzatik gutxira
Alemaniako hainbat hiritan agertu baitzen; hauetan,
Andrea borroka kurduaren martiritzat ageri da. “Niretzat,
irudi hau topatzea ikertzen hasteko gonbidapen moduko
bat izan zen”, zioen. Prozesu honen beste adibide
bat Abdula Ocalan-en atxiloketa eta zigorra zela-eta
Erroman egindako manifestazio baten irudia izan zen.
Mobilizazio honetan Andrea Wolfen irudiak agertu zituzten,
borroka kurduaren martirien artekotzat.
Hito Steyerli proiektu honi ekiteko unean bereziki
interesatu zaion beste kontu bat kultur erreferentziei
buruzkoa da. Andrearekin batera egin zuen filmak argi
erakusten ditu orduan eskuartean zerabiltzaten kultur
erreferentziak: arte martzialei buruzko filmak eta emakume
armadun eta arriskutsuak erakusten zituzten film amerikar
batzuk, hala nola “Kill pussycat, kill faster”.
Irudi bidaiari horiek alderdi behienetako bat dira Hito
Steyerlen ikerkuntzan. “Filmak gure erreferentziazko
ikonoak zein ziren erakusten zuen. Bitxia da, inondik
ere, ikustea Andrea nola bihurtu den, urte batzuk igarota,
jende askorentzako erreferentziazko ikono”, azaldu
duen Hito Steyerlek.
Filmean agertutako fikzioa eta errealitatea zuzenean
lotzen dituen puntu bat arte martzialen erabileraren
garrantzia da. Hito Steyerlek azaldu zuen moduan, Andrea
Wolfek arte horien praktikan jarraitu zuen klandestinitatean
emandako epean zehar ere, eta gainera Emakumeen Gudarosteko
kideak trebatu zituen horietan; emakumeen arteko komunikazio
elementu garrantzitsua izan zen. Hito Steyerlek azpimarratu
egin zuen arte horien erabilera masiboa munduaren militarizazioaren
adibide bat dela, “ ez baitute sortu zituzten
horretarako balio. Arte horiek gerraren zati dira. Globalizazio
prozesu bat gertatu da, gudaroste amerikarrak arte horiez
egiten duen erabilerari esker”, baieztatu zuen.
Hito Steyerlen iritziz dagoeneko ez gara Eisensteinen
Urria-n bizi, orain Hitok Azaroa deitzen duen epe batean
bizi gara, eta horrexetatik hartzen du izena, gainera,
lantzen ari den proiektuak berak ere. Epe hau, Hitoren
hitzetan, iraultza kontzeptua, emantzipazio sozio-politiko
eta ekonomikorako ideia internazionalista gisa, amaitu
den unean abiatzen da, toki mailako borrokak dagoeneko
nazioarteko bihurtzerik ez dagoen unean alegia.
|